390,00€
Datak: 2019/03/04 – 2018/04/05
Iraupena: 31 ordu.
Hizkuntza: Euskara.
Modalitatea: Erdipresentziala.
Agortuta
Ahoz eta idatziz egoki komunikatzen jakitea nahitaezkoa da gurea bezalako gizarte molde (ustez) aurreratuetan. Ez dago lanbide edo jardun esparrurik, komunikazio egokiaren beharrik ez duenik.
Komunikazioan trebatzea, funtsean, zera da: egokitzen zaizkigun komunikazio egoerak egoki kudeatzen ikastea. Komunikazio egoerak egoki kudeatzea, berriz, komunikazio egoera bakoitzean aurrez finkatu dugun xedea lortzeko moduan jardutea baino ez da. Komunikazio egoera horiek izan litezke gure lanbideari dagozkionak, eta izan litezke lan arlotik kanpokoak ere (herrigintzaren esparrukoak, lagunartekoak, pribatuak…).
Kontua ez da ahozko edo idatzizko diskurtso “zuzenak” edo “ederrak” egitea, lortu nahi duguna lortzen lagunduko diguten diskurtsoak egitea baizik. Hots, diskurtso eraginkorrak, diskurtso egokiak.
Idatzizkoaren eta ahozkoaren mugak inoizko lausoen eta aldakorrenak dira gaur egun, etengabe ari baitira ahozkoa idatzizkoan eta idatzizkoa ahozkoan eragiten. Komunikazio gaitasuna, berez, gaitasun bat bakarra da, idatzi-ahozko continuumean, eta guk era guztietako komunikazio egoera eta diskurtsoak landuko ditugu.
Erretorika Zaharraren eredua erabiliko dugu, zabal bezain malgu, eraginkor izaten ikasteko (hots, aldian aldiko komunikazio egoeran lortu nahi dugun xedea lortzeko estrategiak antolatzen eta gauzatzen ikasteko).
Abiatu, idatzizkotik abiatuko gara. Nire eskarmentuaren arabera, hortantxe ditugu gabeziarik nabarmenenak.
Hiru urratsetan egingo dugu testugintzaren lanketa: testuaren osagaiak nola inguratu, osagai horiek nola egituratu, eta testuaren formulazio egokia nola landu. Azken urrats horren barruan, hizkera xaloa (plain language) izango dugu langai, nire ustez garrantzi estrategiko handia duen kontzeptua, batez ere euskararen kasuan. Hizkera motroilotik hizkera xalora iristeko bidetzat Ahozko Testu Idatzia (ATIa) proposatuko dut.
Eta horrenbestez iritsiak gara, ezarian-ezarian, ahozkotasunera.
Kontua da testurik gabeko diskurtsorik ez dagoela (nahiz batzuetan testua hitzez hitz idatzi gabe egon litekeen). Testugintzari dagozkionak landu eta gero, ahotsaren kudeaketari helduko diogu, ahotsaren alderdi mekanikoei ez ezik haren kudeaketa erretorikari erreparatuz. Azkenik, gorputzaren kudeaketa izango dugu hizpide, eta hemen ere alderdi mekanikoekin batera gorputzaren (eta espazioaren) kudeaketa erretorikoaz arituko gara (besteak beste, distantzia erretorikoak diskurtsoaren bidez eraikitzen ikasteko).
Diskurtsoak planifikatzeko patxada izaten dugu batzuetan. Ez beti, halere. Ikastaroan, hasieran behar hainbat denbora hartuta fabrikatuko ditugu diskurtsoak.
Poliki-poliki, ordea, diskurtsoak azkarrago planifikatzen ikasiko dugu, eta, azken buruan, inprobisazio saio batzuk ere egingo ditugu. Egoki inprobisatu ahal izateko, lana latz egin behar da aldez aurretik. Hortik aurrera, bakoitzak jendaurreko bere nortasun/irudia landu behar du, eta bide horretan lehen urratsak egiten ere ahaleginduko gara.
Hori guztia, noski, aski arin eta axaletik egin beharko dugu, baina espero dut ikastaroaren amaieran bakoitzari garbi geratuko zaiola zein diren bere indar- eta ahulguneak, eta baita aurrerantzean zer eta nola landu behar lukeen komunikazio gaitasuna. Izan ere, sekula amaitzen ez den lanketa baita komunikazio gaitasunarena. Zorionez, kasu honetan lanketa bera ezinago atsegingarri da.
HELBURUAK
Helburu orokorrak
Helburu operatiboak
EGITARAUA
1. Sarrera: Komunikazo eraginkorraren oinarriak
1.1. Komunikazio egoerak eta diskurtsoak
1.2. Zuzen-jatortasunetik egokitasunera: eraginkortasuna
2. Testugintza-1. Osagaiak inguratzen
2.1. Inventio Orria: barruko eta kanpoko osagaiak
2.2. Sortze mekanismo eta estrategiak. Analogia eta beste
3. Testugintza-2. Diskurtsoari egitura egokia ematen
3.1. Kalkulu erretorikoa
3.2. Hasiera, amaiera eta beste
4. Testugintza-3. Diskurtsoa egokiro formulatzen
4.1. Testua indartzen: baliabide poetiko-erretorikoak
4.2. Hizkera xaloa
4.3. Ahozko Testu Idatzia, idazkera xalorako bidea
5. Ahotsa-1. Ahozko Testu Idatzia (ATIa)
5.1. ATIaren oinarri teorikoak
5.2. ATIaren arauak
5.3. ATIa noiz: esateko denean, pantailatik jasotzeko denean, eta paperetik jasotzeko denean
6. Ahotsa-2. Norberaren esateko gaitasuna (nEGA)
6.1. Ahotsaren alderdi mekanikoak: ozentasuna, lastertasuna, ebakera, tonua, doinua, pausa-isiluneak…
6.2. Distantzia-erregistroak
7. Gorputza-1. Gorputz mintzoa
7.1. Alderdi mekanikoak: kokapena, gorputz jarrera eta keinu-imintzioen erabilera diskurtsoan
7.2. Baliabide osagarriak ahozko diskurtsoan: Power Point eta beste
7.3. Begirada
8. Gorputza-2. Inprobisaziorantz
8.1. Gidoi erretorikoa
8.2. Inprobisazioa eta naturaltasuna
9. Hortik aurrerakoak
9.1. Izuari neurria hartzen (komunikazio ekintza planifikatzen)
9.2. Norberaren komunikazio gaitasuna nola ebaluatu
9.3. Komunikazio gaitasuna etengabe landu beharra: bibliografia eta beste
10. Komunikazio ikuspegia ikasleen euskalduntze prozesuan
10.1. Helburuak:
10.2. Nola txertatu komunikazio ikuspegia ohiko irakas jardunean
10.3. Unitate didaktikoak sortu eta erabiltzen
HARTZAILEAK
Edozein lanbide eta jardun esparru guztietako pertsonentzat izan liteke onuragarri ikastaro hau. Orain arte emandako ikastaroetan ikasle izan direnek egindako ebaluaketek argi eta garbi erakusten dute hori.
Ikastaroa euskaraz denez, euskaraz jakitea da aldez aurretik ezar daitekeen baldintza bakarra. Kontuan hartu, hala ere, ez dela hizkuntza ikastaroa, komunikazio estrategiei buruzkoa baizik: euskaraz ulertu eta hitz egitea, besterik ez da behar. Bestalde, ikastaroan landuko ditugunak beste edozein hizkuntzatan ere baliatzeko modukoak dira.
METODOLOGIA
Ikastaroak praktikari emango dio lehentasuna, alegia, komunikazio-egoera benetako zein asmatuen kudeaketari, eta praktika horren argigarri den neurrian soilik jorratuko dugu teoria.
Jakina, hasieran komunikazio jardunaren praktikan erabiliko ditugun tresnak (ikuspegi teorikoa, kontzeptuak, prozedurak…) ezagutu beharko ditugu, hori gabe jarduna itsu litzateke-eta. Hortik aurrera, hala ere, ez bereizteko moduan uztartuta joango dira teoria eta praxia, denon artean adostu beharreko kopuru, maiztasun eta erritmoan.
Horretarako, komunikazio egoerak simulatuko ditugu, eta egoera horietako bakoitzean gure xedea lortzeko moduko diskurtsoak eraikitzen saiatuko.
Ariketa asko egingo ditugu, beraz, bai idatzizko diskurtsoetan bai ahozkoetan, ASMOZen plataforma baliatuz.
Dena ezin da, ordea, on-line landu. Jendearen aurrez aurre jartzeak eragiten digun izua gainditzeko, esaterako, jendearen aurrez aurre jartzea beste biderik ez dago. Hori dela eta, ikastaroaren amaiera aldera saio presentzial bat izango dugu. Saio berezi horretan, ikasle bakoitzak diskurtso (edo performance) bat egingo du ikaskideen aurrean, ikastaroan zehar ikasitako guztia aplikatuz.
AURREZ AURREKO SAIOAK
Lau aurrez aurreko saio antolatuko dira ondorengo ostiraletan:
Donostiako Miraman Jauregian bilduko gara 16:00-20:00 ordutegian.
Kontsultatu ezazu zein deskontu eduki ditzakezun eta gurekin harremanetan jarri zaitez deskontu kodeak lortzeko: komunikazioa@asmoz.org
*Deskontuak ez dira bateragarriak.
Euskal idazlea, kazetaria eta irakaslea da.
Datak: 2019/11/25 – 2020/05/13
Iraupena: 600 ordu.
Hizkuntza: Gaztelania.
Modalitatea: Online.
Fechas: 25/11/2019 – 20/12/2019
Duración: 15 horas.
Idioma: Castellano.
Modalidad: Online.
Datak: 2019/11/25 – 2020/03/27
Iraupena: 120 ordu.
Hizkuntza: Gaztelania.
Modalitatea: Online.